Ibilbidea

Karmenen haurtzaroko lekuak eta xokoa ezagutu nahi?

Karmen Etxalarko ibilbidean Karmenen ustezko jaiotetxerako bidea egiten da. Ibilbidean zehar 6 panel daude jarrita, Kultur Etxeko ataritik bere etxeraino, Errotxen bordaraino. Ibilbidean eder honetan zehar, Karmen garaiko zenbait gaia aipatzen dira, tartean orduko bizimodua eta gertakariak.

Ibilbidearen tarte batzuk, politenak gainera, orduan erabiltzen zen “Baztango bidetik” doa eta leku eder eta ondare interesgarriak ikusten dira.

Ez izan zalantzarik eta egin Karmen Etxalarkoaren bidea!

Eskuorria Deskargatu

Track-a deskargatu (Joanekoa)

1. PANELA: KARMEN ETXALARKOA IBILBIDEA

XIX. mende hasieran, Karmen izeneko neskatila bat bizitu omen zen Etxalarren, Prosper Meriméeren nobelagatik ezaguna egin zena  eta famatu bihurtu zena Bizet-en operaren ondorioz.
Karmen, Errotxen bordan jaio omen zen, Larrapil Sarrikuko auzoan eta gaztetxo bat zelarik, uholdeak egon ziren gau batean, ijituek bahitu omen zuten eta Sevillarat eraman.
Bere omenez  eta haren pertsonaia euskalduntze arren,  2017ko Irailaren 17an, Karmen Etxalarkoa Pastorala aintzinera atera zuen Etxalarko herriak.
Emakume ausart eta aske honen garaiko Etxalar aurkeztu nahi dizuegu Karmen Etxalarkoa ibilbidearen bidez, ilusioz, auzolanean eginikoa.

----------------------------------------------------------------------------------------------------

2. PANELA: ARBIKO UR-JAUZIA ETA ZUBIA:

Panel honen atzekaldean, Arbiko errekako ur-jauzia ikus daiteke, Karmenek, hamaika aldiz ikusi izanen zuena, parean kokatzen den zubitik, Baztango bidearen parte dena.
Uholde baten ondorioz,  1804. urtean berritu  behar izan zuten  Arbiko zubia, izan ere, Baztango  bide hau, bide garrantzitsua zen, bailarako nagusia.
1804. urteko uholdeen ondorioz berritu zuten zubia. Hurbildu zubira harria ikustera!

----------------------------------------------------------------------------------------------------

3. PANELA: SARRIKUKO BORDA:

Baztango bidetik igarotzen  ari zara, Karmenek hainbertze aldiz egin izango zuen bezala.
Parean, Azkua eta Arrano Komainta mendiak,  Etxalarko altuenak.
Iparraldean, Frantziarekin muga egiten du Etxalarrek eta aunitzetan, abantaila hau probextuz, gau lanean ibiltzen ziren herriko jendeak.
Hamaika aldiz sumatu izanen zituen Karmenek gau lanean ari zirela, eta baliteke, erro haiek lagundu egin izanen ziotela gero, Andaluzian bide lapurretan parte hartzeko.
Ziur edozein emakume ez zutela onartuko taldean!

----------------------------------------------------------------------------------------------------

4. PANELA: SARRIKUKO ZUBI ZAHARRA

1760. urtean batzarkideek (Etxe Jabeek), Herriko Etxean igande eguerditan egiten zituzten batzar haietako batean, zera erabaki zuten:
“Uholdeengatik hagitz arriskutsua den Sarrikuko zintzurrean harrizko zubia eraiki dadila (lehen egurrezkoa zen), Agoizko lurraldeetatik, Esteribar eta Erro ibarretatik Baztanen barrena etortzen direnentzat baliagarri izan dadin, beraiek dira gatza, garia eta ardoa herri honetako merkatura ekartzen dutenak.”
Garai hartan, etxe jabeak, ehungileak, zurginak, arotzak, mandozaiak, medikuak, ferratzaileak eta abar pasatzen ziren hemendik. Baita jende xumea ere, beraien uztak herrian saltzera eta ijituak, herriko etxeetatik eskian urtatsa bilatzera.

----------------------------------------------------------------------------------------------------

5. PANELA: ETXALARKO BIZIMODUA GARAI HARTAN

XIX. mendean Etxalarrek 1.800 biztanletik goiti zuen garaian, herritarren erdiak burdinoletako lanen inguruan ateratzen zuen bizimodua: ikatza egin eta garraiatzen, Bizkaitik zetorren mineralkia Pasaiatik herrira ekartzen zuten, gabarraz Bidasoan goiti eta idiz Berako Montoiatik herrira.
Herritarrek burdinoletako mineralkia erre eta burdina berexi egiten zuten, burdin barrak sortu eta tresnak egin.
Aintzinekoei entzunez, Gaineko ola eta Beheko ola bereizten ziren. Lehenbizikoa, mendi honen bertze aldean aurkitzen den Erroitegiko erreka ondoan, Baztanen bordaren azpialdean (oraindik ere pareta zahar batzuk ageri dira). Bigarrena, Etxalarko Bentak pasa eta herri aldera, errepide berriaren azpialdean. Azken hau Etxalarsa izenez ezagutzen zen.
Nahiz eta industria honen azken hamarkadetan egon, Karmenek hurbiletik bizitu izango zuen burdinolen inguruko mugimendua. Pagadi eta gaztaindegietako ikatz plazak ikusgai izanen zituen nonahi, baita goiti eta behiti zebiltzan mandozainak eta langileak, orain mendiak eskeintzen digun isiltasuna apurtzen.

----------------------------------------------------------------------------------------------------

6. PANELA: ERROTXEN BORDA

Parean ikusten duzun hau Karmenen sortetxea omen zen, Errotxen Borda deitua. Uholde gau batean ijitu batzuk bahitu omen zuten Karmen, beraiekin Sevillarat eramanez.
Familia xumekoa zen seguraski, hainbat senidez osatutako familia, bertan zituzten baratze eta sagarrondoez baliaturik familia aintzinerat ateratzera ohitutakoak.
Gaztainaren eta sagarraren garrantzia kontutan hartu behar dira garai hartako elikaduran. Ezkortiak ziren gaztainak mantentzeko erabiltzen ziren lekuak, zumezko saskitxoetn gordetzen ziren han lurrez, adarrez, iratzez eta zakuz estalita usteltzetik babesteko.