Etxalar eta Elizondo Ikuskizunak
Karmen Etxalarkoa Pastorala ikuskizunaren emanaldi guztiak, hiru denetara, bi Etxalarren eta bat Elizondon, hagitz arrakastatsuak izan ziren.
Hasiera batean Etxalarren bakarrik egitea aurreikusia bazen ere, arrakasta ikusita eta Pastoralaren zati garrantzitsua Baztandarrak direnez protagonista (bai nobela eta baita pastorala beran), Elizondon egitea ere erabaki zen, ongi erabaki gainera.
Etxalarko ikuskizunak, 2017ko irailaren 16 eta 17an burutu ziren, larunbata eta igande egunarekin. Egun hauetarako herriko plaza eta frontoia pastorala garatzeko erabili ziren eta bertan beharrezko oholtza, publikoaren eremua eta harmailak instalatu ziren, baita ostatu bat ere ikuskizunen ondoko aisialdirako.
Pastoraletan ohitura den bezala, ikuskizuna egin aitzinetik pastoraleko arizaleen (Parte hartzaileen) desfilea egin zen herrian zehar bakoitza bere pertsonaiaz jantzita eta pastoraleko musika bandaren laguntzarekin. Etxalarko kasuan, desfilea bakarrik, igandean egin zen.
Hasieran aipatu bezala, emanaldiak arrakastatsuak izan ziren eta bi eguneko saioen arten 2000 ikusle elkartu ziren Etxalarko frontoian. Elizondoko kasuan, azaroaren 5ean, pastorala ere herriko frontoian garatu zen eta bertara 500 lagunetik goiti hurbildu ziren.
Pastoraleko partaide guztiak, bai oholtza gainekoak eta baita atzekoak, boluntarioak baziren ere, eskainitako ikuskizuna urte betez egindako lan handiaren ondorioa, maila ederrekoa izan zen eta ikuslegoa oso pozik geratu zen eta kasu batzuetan hunkitu ere.
Hasiera batean Pastoralak nolako dimentsioa hartuko zuen ez bazen jakiten ahal, herriarentzat ikasgai ederra izan zen 100 lagunetik goitiko lan talde bat sortuz ezagutzen ez zen diziplina bateko 3 orduko emanaldia aitzinera eramatea. Zalantzarik gabe, harro egoteko balentria!
Ikuskizunen argazkia, Multimedia atalean.