Informazioa

KARMEN ETXALARKOAREN JATORRIA

Proper Meriméeren nobelan, Karmenek Joseri euskaraz errandako esaldi bat agertzen da: “Ni Etxalarren jaio nintzen eta baratze txiki bat nuen” .

Ahozko tradizioa

Karmen Etxalarkoa Pastorala egin zen arte, Karmenen berri herrian bazen ere, ez zen inoiz sakondu gaian. Karmen Etxalarren jaio zela betidanik erran da herrian. Zaharrek, ahots tradizioaren bidez, horrela ailegarazi dute gaur egun arte eta horrela dago bildua “Bortziriak solasean” ahozko tradizioaren bilduman, non Etxalartar batek, “Olako Karmenen istorioa” n deskribatzen duen bezala.

Desagertu zen egunean, inguruan bere txaketa topatu omen zen. Garai batean bere jaiotetxea, Baztaneko bide ondoan zegoen eta kondairak dionaren arabera bertatik pasatzen ziren ijito batzuk hartu eta eraman omen zuten Sevillara.

Olako Carmenen istorioa

Eta ola oikin istori ttiki bat badut, ta ori at… gure gurasuk auniz (indarrez) kontatzen tzuten, eta añen sartua dut, au benpin kontatu bar zaiztet. Baserri bat bazen Errotxarkorda izena zuena, ta ango yend… familiak lan egiten tzun ola oitikan urbillian. Ta pasatzen (da) erreka aundi bat onduan, erreka aundiya da, erreka kozkor bat. Eta… famila bat bizi zen Errotxarko borda ortan, badie baserriak geio ere urbill artan, oain zemait ustu dire, biñon oañikan ere aste ondarko ta… itxe rural otikan ta paratu tuzte, naiz eztien kontinun an bizi, oañik badie, badie baserrik, ta, oitukuk ta… iten tzuten lana ola oitan, iten omen tzuten. Ta baserri ortoku(k) benpin, Errotxarkordako baserriku oiek, seguro naiz, gure gu(r)asuk erraiten tzuten an lan iten tzutela.

 

Ta bazuten familia, ta, omen tzuten nixka bat benpin zanen tzuten, ek etzuten erraiten ze famili zuten, biñon nixka bat izena Carmen zuena. Eta, riada, uri… ekaizti bat izandu zen, uelde bat, eta nixka faltatu, ueldi artan nixka faltatu; faltatu ta faltatu ta akabo! ta akabo! Biño! jituk ere pasatu ziela, ta nixka ze in tzuten? Gure gurasuk erraiten zten ori beti lanekuk zarrak kontatzen tziotenak, nixka ura jituk eramin! Eta gero, atei zen nixka ura, duik[e] izanen tzen koxkorra, amar(ren) bat urte edo zazpi-

zortzi-do… Etxelar beti oroitzen, Etxelarrez oroitzen, eta Etxelar ta Etxelar, eta, jituk eraun tzuten Sebillerat, ta Sebillan jituak, pues, egin tzuten, pues, artista bat atei zen artikan. Miño ori… ori egiyva da, e! Oañikan ere ixtorietan ekartzen du ori! Miño agiz artista famosa gañerat omen tzen, Carmen… eztakit nola, eta flamenka dantzatzeko ta bueno… biñon artista-artista, Parisan barna ta… agiz artista ona

Ikerketa

Honetaz gain, Japoniar katedratiko batek, Nagamine Kiyonari Nagoyako, 30 urte eman zituen Karmen eta Joseren istorioari buruzko aztarnak aztertzen eta azkenik, Prosper Merimeren nobelako bi pertsonai hauek errealak izan zirela ondorioztatu zuen eta Karmen, Sarriku auzoko Arribeltzeko malda izeneko parajean dagoen Errotxen bordan jaio zela.

Bi pertsonai hauen arteko euskarazko hitzak izan ziren ikerlari japoniarrari erabat liluratu zutenak. Honen ondorioz Etxalarren egon zen Karmenen baratzearen bila eta Joseren herrian, Elizondon.

Carmen, Prosper Merimée-ren nobelatik, 1847.
“Dirua biltzeko ari nintzen lanean fabrikan, Nafarroarat itzuli ahal izateko, nere ama gaixoaren ondora, nere babesa bertzerik ez baitu eta baratze ttipi bat sagardoetarako hogei sagarrondorekin! Ai nire herrian banengo mendi zuriaren ondoan…..”
Baina Karmen ez zen edonolako neska gaztea. Bere askatasunaren aldarrikapena islatzen duten bertsetek ederki agertzen dute bere arima:
“Ezin zaitut jada maite.
Ez dut zurekin bizi nahi.
Cañi sortu bait nintzen ni.
Libre naiz, hilko naiz Cañi. “
(Karmen Etxalarkoa Pastorala. Gerardo Mungia. Pintxe. 2017.)

 

“Carmen” Nobela

Prosper Merimée idazlea Parisen sortu zen 1803an; literatura erromantikoa maite bazuen ere, nobela historikoan, nobela laburretan eta ipuinetan izan zuen arraskatarik handiena. Prosper Euskal herrira etorri zen Frantziako gobernuak bidalia bertako monumentu historikoen katalogoa sortzera. Bertan Maria Manuel Kirkpatrick, Montijoko kondesa ezagutu zuen, iparraldearekin eta bereziki Sarako herriarekin harremana zuena, eta honek bertako foru, ohitura eta kondairen berri eman zion.

Kondaira horietako batek, bere amorantea hil zuen gaizkile jeloskorraren istorioa kontatzen zuen, ondorioz “Carmen” nobela alegia.

Carmen’ nobelan bi protagonista daude, José Lizarrabengoa eta Karmen. José baztandarra da, Elizondon sortua, eta hasieran militar bezala agertzen bada, azkenean desertore, ebasle eta hiltzaile bihurtzen da. Karmen, berriz, Etxalarren sortua da; emakume ederra, bohemioa, ijitoa eta bere askatasuna eta independentzia denen gainetik defendatzen ditu.

 

Ezinezko amodio istorio bat kontatzen da eta beraien artean sortu zen amodio mingarriaren pasadizoak ezagutzera ematen dira. Histori hau XIX mendean kokatzen da Andaluziako lurralde desberdinetan (Sevilla, Cordoba eta Cadiz).

Maitasuna eta heriotza tarteko, tragedia baten kontakizuna da eta Karmen askatasunaren, erotismoaren eta patuaren irudi bihurtzen da bertan. Bertze hainbat obraren iturburu ere bada Karmen, horien artean George Bizet musikariaren opera (1875ean egina). Asun Garikanok euskaratu zuen 1992an Pamiela argitaletxearentzat.